XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurrean zein atzean berdin-berdin jokatzen zuen, golak sartuz eta baloiari eutsiz.

Zergatik? Agian, partidua oso serioski hartzen ez zuelako eta horren ondorioz aurkakoek ere ez zutelako kontutan edukitzen.

Edo eta Malmierca bere ondo-ondoan begira zuela iruditzen zitzaiolako.

Beno, baina ez da hau garrantzizkoena.

Benetan garrantzia duena zera da, Dori pozik bizi zela, inoiz baino pozikago.

Ez zuen neska lagunik batere, baina horren ordez, 6 edo 7 mutiko lagun zituen beti inguruan, trenbideaz bestaldeko taldea ez bait zen inoiz ere Dori gabe azaltzen futbol saioetara.

Dorik Malmiercari buruzko berri guztiak, baita azken ordukoak ere, oso ondo ezagutzen zituen.

Min hartuta zegoenen, bazekien noiz hasiko zen berriro jokatzen.

Lagunen aurrean zera kontatu zuen behin, nola Malmiercak bere atean gol bat sartzen utzi zuen, txuri-gorrien kontra hain zuzen, andregaiarekin haserrealdi bat izan bait zuen.

Igande batez, Malmiercaren taldeak Real Madridi partidua irabazi zion batetan, hau Doriren bila joan zen bere auto dotorean eta jelatu bana hartu zuten gero.

Mutikoetako batzuk hori gezurra besterik ez dela diote, inork ez bait zuen kalean zehar izugarri azkar ibiltzen zen Malmiercaren deskapotable zuria ikusi.

Autografoz aspertuta, mutikoak Doriri Kikeren kamiseta eske hasi zitzaizkion.

Kamisetak tardatu zuen baina iritsi zen hau ere azkenik.

Atzerapena normala zen bestalde, egun haietan Malmiercaren taldea Hegoamerikan aurkitzen zelako.

Liga berriaren hasieran, eskutitz batez lagunduta iritsi zen kamiseta.

Dorik adi-adi irakurri zuen eskutitza.

Bazeuden berarentzat bakarrik ziren pasarte batzu.

Hauek ez zituen, noski, ozenki irakurri.

Ulertu egin behar zen hori ere.